Eduki publikatzailea

“Pasaia, itsas jaialdia 2018”ren aurkezpena

2018ko maiatzean egingo den jaialdiak kulturari eta turismoari eragingo dio, eta itsas ondarearen arloan erreferente garrantzizkoa bihurtuko da.

Pasaian egin den aurkezpenean, jaialdiaren sustatzaile diren erakunde nagusietako ordezkariak izan dira. 

Kalean eta Pasaiako Santo Cristo de Bonanza elizaren aurrean egin dute gaur prentsaurrekoa, Pasaiako Itsas Jaialdia aurkezteko. 

Itsas Jaialdi hau, eduki eta estilo aldetik, Europan arrakasta duten ekimenen antzekoa izango da (esaterako, Brest edo Morbihanen egiten direnena), eta munduko hainbat txokotako itsas kulturetako erakunde eta ordezkariak erakarriko ditu, eta egun batzuetan Europako itsas ondarearen erdigune bilakatuko da Pasaia.

Urrats bat gehiago da Pasaiako Badia turismo aldetik posizio onean jartzeko eta halaber kultur garapenerako ere, hots, Albaola, Euskal Itsas Faktoria eta Mater itsasontzia bezalako erakarmen handiko proiektuekin batera beste katebegi bat osatzeko. 

Izaskun Gomez Pasaiako alkateak itsas kulturaren garrantzia azpimarratu du, eta era berean aipatu du Pasaiako Badiaren biziberritze sozioekonomikorako tresna paregabea izan daitekeela. Albaolaren kasuak, adibidez ­ 2016 urtean zehar 50.000 bisita izan ditu­, erakusten du kultur proiektuak enpleguaren eta aberastasunaren iturri izan daitezkeela. Lerro horri jarraiki, Jaialdi hau biziberritze prozesuaren beste maila bat izan liteke, eta kasu honetan, udalerriko eta eskualdeko kultura, merkataritza eta turismoaren arloetatik. 

Alkateak aditzera eman du Jaialdia 2018ko maiatzaren 17tik 21era egingo dela. Bi eremu nagusi izango ditu: uretakoa eta lehorrekoa; batetik, elkarretarik banatuak egongo dira, eta, bestetik, elkarri oso lotuak dinamizazio aldetik. Ur eremuan Europako hainbat lekutako ontzi tradizionalak egongo dira, ontzi bakoitza bere tripulazioarekin; eta, lehorreko eremuan, berriz, Pasaiako lau barrutietan “villages” izeneko gune bereziak kokatuko dira, eta haietan kultura eta gastronomiazko jarduera andana bat egongo da.

2018an Pasaiako Badia pasabide handi bat bihurtuko da, kapitain gisa barku nagusi bat duela: Hermione itsasontziaren erreplika, zeinekin La Fayette famatuak laguntza eman zion Amerikaren independentziari, eta hainbat barku tradizionalek  egingo diote lagun. Pasaia Hermione itsasontziaren bigarren bidaiaren azken etapa izango da.

Bestalde, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura eta Turismo diputatuak itsas ondareak turismoa erakartzeko duen  garrantzia azpimarratu du, eta halaber adierazi du kultur oinarria duten mota honetako ekitaldiak turismoaren sektorearentzat aukera paregabeak direla.

Nabarmendu du kultura eta lurraldeko baliabide turistikoak indartzeko era honetako ezaugarriak dituzten ekimenak sustatu behar direla.

Era berean azpimarratu du bi urtean behin badia berezi honetan itsasontzi tradizional zoragarriak biltzeak eta horien inguruan kultur ekitaldiak eta gastronomikoak antolatzeak lurraldearen baliabideak sendotuko dituela.

Ekimen hau Gipuzkoako Foru Aldundiak “Explore San Sebastian Region” markaren baitan abian jarri duen estrategiarekin bat dator, eta honen helburuak dira Lurraldeak dituen  baliabide kulturalak eta turistikoak sendotzea, hartara produktu turistikoen aukerak areagotu eta urtero Gipuzkoako lurralde guztian eta hiriburuan izan ohi dugun bisitarien joan-etorriak orekatu ahal izateko.

Azkenik, Alfredo Retortillo Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailburuak, arrazoi desberdinak direla medio, Jaialdiak arlo turistikoan duen garrantzia azpimarratu du. Alde batetik, Jaialdia egingo den datagatik, turismo denboralditik kanpo egingo baita, eta kalitatezko eskaintza izango delako, zerbitzu aldetik bezala kultur programazioagatik , eta sortuko diren esperientziengatik. Bestetik,  mota honetako ekitaldiek duten proiekzio eta posizionamendu gaitasunarengatik, Pasaia, Gipuzkoa eta Euskadi dagokien lekuan kokatzeko.  

Horrez gain, aditzera eman du Badiako beste hainbat proiektu interesgarriren jarraipen bat dela hau, eta errebindikatzen duela Badiak duen turismo potentzial ikaragarria, itsas ondarearen mantentze, zabaltze eta balioztatzearekin batean, lurraldeko administrazio publikoen eta kultura eragileen arteko lankidetza eta inplikazioari esker. 

Gainera, Kontseilariak adierazi duenez, inguruko merkatari eta ostalarientzat onuragarria izango da, eta halaber, eskualdeko, Gipuzkoako eta Euskadiko irudi turistikoarentzat ere. Dagoeneko badugu prestigio eta kalitatezko irudia, baina jaialdi honek lagundu egingo du irudi hori indartzen.