Eduki publikatzailea

“Ongi etorri, gazte!” futbito txapelketa

Helburua izango da Pasaiako gazteek ondo pasatzea eta elkar ezagutzea, aniztasuna oinarri harturik, eta aldi berean, Pasaiara etorri berri diren gazteei harrera egitea.

Egitasmo hau “Ongi etorri, gazte!” ekimenaren baitan kokatzen da. Pasaiako Udalak herrira etorri berri direnei harrera egiteko erakunde-hitzarmena eta Harrera Protokoloa onartu zituen iaz, eta aurten, urrats bat gehiago emanez, gazteak bildu nahi ditu, guztien artean etorri berri diren gazteei ongi-etorria egin diezaieten. Horretarako, partaidetza prozesu bat egin da gazteekin, eta gazteek beraiek erabaki dute zer egin nahi duten eta nola egin nahi dieten harrera gazte etorri berriei. Guztira, hiru jarduera adostu eta jarri dituzte martxan.

Gazte etorri berri batzuei futbolak aukera eman die leku berriak ezagutzeko, lagunak egiteko eta gizarteratzeko, eta egitasmo honen bitartez, aukera horiek indartu nahi dira. 12 eta 17 urte bitarteko pasaitar guztiek hartu ahal izango dute parte, eta partaidetza, inklusioa eta aniztasuna landuko dira. Nesken arteko partidak eta mutilen arteko partidak egingo dira, eta nesken partaidetza sustatzeko saiakera berezia egiten ari gara.

Txapelketa Antxoko frontoi zaharrean izango da apirilaren 2an 16:30etik aurrera. Taldeak bertan egingo dira, hainbat dinamikaren bitartez. Eta jolastu ondoren, denok elkarrekin meriendatzera joango gara! Animatu eta parte hartu!